Balmasedan hasita, Bizkaiko bost deiadar-mendietako bat den Kolitzaraino abiatuko gara. Haren gailurrak (879 metro, San Roke baselizak koroatua) aldameneko bailaren panoramika aparta eskaintzen digu. Igoera malkartsua bada ere, sekulako ikuspegiez gozatuko dugu ordainsari gisa.
Behin tontorrean, behera egingo dugu pixka bat, segidan berriz ere igotzeari ekiteko (oraingo honetan, Burgeñoko gailurreraino, 1.044 metrokoa). Haritzez eta pagoz estalitako hainbat basotan barrena ibili ostean, Mazapandon barneratuko gara, Brontze Aroko tumuluz jositako eremu batean. Izan ere, Ordunteko mendietan dago Bizkaiko monumentu megalitikoen pilaketarik handiena, eta gure ibilbidean horietako zenbait topatzeko aukera izango dugu.
Add a review