Bilboko Burdin Hesia Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilean Bilboren eta inguruko herrien defentsa bermatzeko eraikitako defentsa-sistema izan zen. Güeñesko Burdin Hesiaren agertoki nagusietara eramango gaitu ibilbideak. Euskadi Plazatik abiatuta eta Andra Mari eliza bidelagun izanik, herriko hilerrira eramango gaituen bide bat hartuko dugu, PR BI 107 ibilbideko argibideei jarraituz. Hemen, bidezidor bat hartuko dugu, Amabizkarrerako pistarekin berriro bat egiteko. Ondoren, hesi berde batera iritsiko gara, eta zeharkatu egingo dugu (itxi ezazu berriro, mesedez).
Hona iritsitakoan, Luxar mendirako bidezidorretik igoko gara. Lehenengo zatia bertoko zuhaitzek osatutako korridore natural batetik igaroko da (gehien bat, Bizkaian hain sinbolikoa den haritza). Ondoren, igoera hainbat larretan barneratuko da, eta are bertikalagoa bilakatuko (hau da ibilbideko tarterik zailena, gailurrera eta haren mendi-postontzira iritsi arte luzatuko dena). Track-a Burdin Hesiaren defentsa-harresiaren aztarnek osatutako talaia natural batetik igarotzen da. Hari jarraituko diogu, Eretza eta Pico de la Cruz mendiak begi bistan ditugula.
Zuhaitz hostotsu baten azpian dagoen aska batera iritsi ondoren (nahi izanez gero, Goldebano 01 kokalekua bisitatzeko desbidera gaitezke), hesi bat zeharkatuko dugu Taramona auzora iristeko. Hemen Burdin Hesiaren aztarna gehiago ikusteko aukera izango dugu. Nolanahi ere, San Pedro Goikuria auzorantz jaisten hasiko gara. Plazatik igaroko gara eta asfaltoari jarraituko diogu Artxube auzoraino. Errepideari jarraituz, ibilbidearen azken puntura hurbilduko gara (Güeñesko ARENATZarte parketik oso gertu).
Add a review