Ibilbidea Güeñesko Sodupe auzoan hasten da. Udalerria familia nobleen sorlekua izan zen, eta interes historiko eta kulturaleko eraikin ugari ditu, aintzazko iraganaren lekuko izan zirenak. Nabarmentzekoak dira Santa Maria eliza, bere portada gotiko bikainarekin, eta Urrutia txaleta, gaur egun udaletxea dena. Etxaldeko lorategietan ARENATZarte eskultura parkea dago. Bertan naturak eta arteak bat egiten dute zuhaitz eta abangoardiako artelanen artean. Ibilbidea Alonsotegiraino doa zailtasunik gabe. Udalerria oso malkartsua da eta, izan ere, sekulako aldea dago koten artean. Esaterako, hirigunea itsasoaren mailatik 50 metrora dago; gehieneko kota, berriz, 1.000 metro ingurukoa da (Ganekogorta mendiaren gailurra). Alonsotegi, beraz, Bizkaiko udalerririk menditsuenetako bat da.
Handik, gora egiten du ibilbideak, Gasterantz mendiaren tontorreraino. Jarraian, Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko zentrora jaitsiko gara, lurzoruaren ustiapenaren ondorioz inguruneak jasandako eraldaketa sakona hautemateko. Izan ere, meatze-paisaiak bidelagun izango ditugu zeharkaldiaren hainbat kilometrotan. Ibilbideak beherantz jarraituko du, Zugaztieta herri mitiko eta historikora iritsi arte, burdina erauzten zen tokietako batera. Antzinako meategiak berdegunez inguratutako urtegi artifizialak dira gaur egun.
Ibilbidea iparralderantz joko du jarraian, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museora iritsi arte. Museoaren xedea Euskadiko (eta, bereziki, Bizkaiko eta Meatzaldeko) meatzaritzaren kultura eta historia ikertzea eta zabaltzea da. Museoa irabazi asmorik gabeko erakundea da. 1986an sortu zen, Meatzaritza Museoaren Kultur Elkartea sortu zen urte berean, gizarte-ekimen batetik. Elkarte hori, besteak beste, meatzari ohiek eta siderurgiako beste langile ohi batzuek osatu zuten; garai hartako industria-krisi larriaren ondorioz, ordura arte Bizkaiko funtsa izan ziren elementuak baztertuta gelditzen ari zirela ikusita sortu zuten elkartea. Museotik Muskizera abiatuko gara, egungo etapa La Arena hondartzan amaitzeko, eta merezitako atsedena hartzeko.
Hurrengo etapa Muskiz eta Turtzioz artekoa izango da. Tarte menditsua da, Alengo meatze-ingurunean barneratzen dena.
Hiru ustiategik osatzen zuten Alengo meatze-barrutia: Sorpresa eta Amalia Juliana, aire zabalean landu zirenak, eta María, galerian landu ohi zena. Santa Lucía meatzaritza-ahoa nabarmentzen da. Haren barruan, izen bereko ermita bat dago. Gune honen garrantziaren ondorioz, meatzaritza-auzoa sortu zen XIX. mendearen amaieran. 1900. urtearen hasieran, 500 biztanle baino gehiago bizi ziren aldamenean, eta hainbat zerbitzu sortu behar izan ziren komunitatearentzat.
Ibilbidea meatze-barrutitik igoko da (desnibel handiekin), Alen mendiaren magaletatik irten gabe. Hortik, jaitsiera hasiko da Turtzioz udalerriraino (etaparen amaiera). Hurrengo etapa Turtziotzetik abiatuko da, etengabe eta pixkanaka igoz, eta udalerriko abeltzaintza-larreak zeharkatuko ditu.
Armañongo Parke Naturalerako bidea hartu ondoren, bidea lursail eta paisaia karstikoko eremu batean barneratuko da. Harrizko mendigune horiek mikroklima berezia eman diote Armañongo parkeari. Ondorioz, artadi eta pagadi mediterraneoak hazten dira bertan, nahiz eta Kantauriko itsasertzetik oso kilometro gutxira egon. Ibilbidean (zailtasun ertainekoa), Remendongo hariztia inguratuko dugu, Bizkaiko zabalena, ehun urtetik gorako zuhaitz erraldoiak dituena. Armañon mendiaren gailur biribildua ikusiko dugu basotik, eta baita bertan bizi diren zaldiak, pottokak, ardiak eta behiak ere. Armañongo Parke Naturala Karrantza eta Turtzioz artean hedatzen da. Segidan, BI-630 errepiderainoko jaitsiera hasiko dugu, 12 kilometro ingurukoa. Behin Ambasaguas auzoan (Karrantza), atseden hartuko dugu gorputza indarberritzeko hurrengo eguneko etapa gogorrari ekin aurretik.
Karrantza Harana ezagutzeko aukera emango digu etapa berriak. Karrantza Bizkaiko bailararik zabalena da, natura bere alderdirik ederrena erakusten digun bazterra. Burgos eta Kantabriaren arteko mugaldean dago, Ordunteko Mendiek babestua hegoaldetik eta Armañongo Parke Naturalak iparraldetik. Ibilbidea nekeza izan daiteke, Ordunteko mendietan barneratzen baita. 20 kilometroko mendilerro honek 1.000 metrotik gorako hainbat gailur ditu. Beraz, ahalegin handia egin beharko dugu, baina egundoko talaia naturalak erdietsiko ditugu ordainsari gisa. Ibilbidea Turtziozetik abiatuko da, etengabe eta pixkanaka igoz, eta udalerriko abeltzaintza-larreak zeharkatuko ditu. Armañongo Parke Naturalerako bidea hartu ondoren, bidea lursail eta paisaia karstikoko eremu batean sartuko da. Harrizko mendigune horiek mikroklima berezia eman diote Armañongo parkeari. Ondorioz, artadi eta pagadi mediterraneoak hazten dira bertan, nahiz eta Kantauriko itsasertzetik oso kilometro gutxira egon. Etapa honek basoan gora egiten du hasiera batean. Ondoren, abeltzaintza-ingurune honetako belardiak zeharkatuko ditugu. Lehenengo kota aipagarria Ubaleko gainaldea da.
Pista eta abeltzaintza-bideetatik jarraituz, Cotobasero tontorretik gertu dagoen bigarren kota batera igoko gara, abiapuntutik 15 kilometrora. Igoera basoan barneratzen da, sigi-saga doan malda handi bat gainditu arte, Peñalta mendiaren itzalpean.
Hortik aurrera, behera egingo dugu, baina, aurrerago, Brenako mendatetik pixkatxo bat igoko gara berriz ere. Handik Baljerri mendira joko dugu. Atsedena hartzeko eta tontor honek eskaintzen dituen Karrantzako Haranaren ikuspegi zoragarriez gozatzeko unea izango da.
Ibilbideak behera jarraitzen du, honako tontor hauek osatzen duten mendi-lerrotik: Gospeñata mendatea, Pedranzo mugarriaren tontorra eta Maza Pando mendia. Jaitsiera amaitu ondoren, Kolitza mendiaren magalean egongo gara, paisaia ikusgarriak miresteko leku ezin hobea. Handik, Balmasedara jaitsiko gara, alde zaharrean utziko gaituzten pista errazetatik. Gorputza indarberritzeko leku ezin aproposagoa da, etapa gogor hau amaitu ondoren.
Azken etapa (mendiko bizikletentzako egokia) zortzi kilometroz igoko da, Arbalitza eta Celadilla mendietatik gertu kokatu arte. Paisaia ikusgarriak begi bistan izanik, jaitsiera hasiko da (baso eta belardien artean), izen bereko gailurraren ondoan dagoen Rigadas aparkalekuraino. Puntu horretan, norabidea aldatuko dugu eta Gordexolara jaitsiko gara mendiaren hegoaldeko isurialdetik. Udalerria atsedenaldi bat egiteko aukera ona da. Emari handiko Herrerías ibaiaren urek bustitzen dute harana. Haiei esker, burdinolaz beteta egon zen garai batean. Handik, ia desnibelik gabe, Sodupera itzuliko gara, zeharkaldiaren hasierako puntura.
Mendiko etapa hau saihestu nahi izanez gero, Sodupera hel gaitezke Kadaguako korridoreari jarraituz. Kadagua ibaiaren urek sekretuz, xarmaz eta naturaz beteriko ibilbide batean zehar gidatzen gaituzte. Etapa egiteko, ibaiertzetik doan bidegorriari jarraitu besterik ez dugu, nahiz eta tarte txiki batzuetan errepide nagusira atera beharko dugun.
Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Güeñes, Karrantza Harana, Turtzioz, Zalla, Alonsotegi, Muskiz, Ortuella, Zierbena, Abanto-Zierbena
Añadir una valoración