Ribacobako mugarriek (Ilsos de Ribacoba, gaztelaniaz) hiru zidorren arteko bidegurutzea markatzen dute. Burgueño mendiaren oinaldeko zabalgune batean daude. Zelaiaren erdian, Karrantza, Villaverde Harana (Kantabria) eta Artzentales zedarritzen dituzten hainbat mugarri daude. Haietan inskripzioak eta grabatutako datak daude (zaharrenak 1579. urtekoak dira).
Ibilbidearen hasierara iristeko, Montañan auzora joango gara autoz, Conchatik abiatuta. Auzoa zeharkatuko dugu, eta zementuzko errepidetik gorantz jarraituko, eskuinera dagoen bihurgune itxi bat gainditu arte. 300 metro geroago, eskuinera, bidegurutze bat dago. Bidegurutzea hartu eta 100 metro aurrerago beste desbideratze bat hartuko dugu (eskuinera ere bai). Kanadar pasabide bat igaro ondoren, zuzen jarraituko dugu. Errepideak Sobrepeñaraino eramango gaitu (Karrantzako txokorik berezienetako bat, bai ikuspegi zoragarriengatik, bai abeltzainen zaindaria den San Isidro ermitagatik).
Hemen autoa aparkatuko dugu eta oinez ibiltzeari ekingo diogu. Bidea pinuz eta pagoz inguratutako zementuzko eta lurrezko errepide batetik abiatzen da Ribacobako zelairaino. Alde garaienera iristean, ezkerreko bidezidorra hartuko dugu, Gerra Zibileko lubaki batera eta historiaurreko tumulu batera iritsi arte. Lubakiaren lerroari jarraituz, mugarrietara iritsiko gara. Itzultzeko, berriro pistara joko dugu, eta bide berari jarraituko.
Karrantza Harana, Artzentales
Añadir una valoración