Karrantza Bizkaiko bailararik zabalena da, natura bere alderdirik ederrena erakusten duen bazterra. Burgos eta Kantabriaren arteko mugaldean dago, Ordunteko Mendiek babestua hegoaldetik eta Armañongo Parke Naturalak iparraldetik. Ibilbidea Ordunteko mendietan barneratzen da. 20 kilometroko mendilerro honek 1.000 metrotik gorako hainbat gailur ditu. Ibilbide nekeza da. Beraz, ahalegin handia egin beharko dugu, baina egundoko talaia naturalak bisitatuko ditugu ordainsari gisa. Ibilbidea Turtziozetik abiatuko da, etengabe eta pixkanaka igoz, eta bertoko paisaia karstikoak izango ditu bidelagun.
Harrizko mendigune horiek mikroklima berezia eman diote Armañongo parkeari. Ondorioz, artadi eta pagadi mediterraneoak hazten dira bertan, nahiz eta Kantauriko itsasertzetik oso kilometro gutxira egon. Ibilbidean zehar (zailtasun-maila: ertaina), Remendongo hariztia inguratuko dugu, Bizkaiko zabalena, ehun urtetik gorako zuhaitz erraldoiak dituena. Armañon mendiaren gailur biribildua ikusiko dugu basotik, eta baita bertan bizi diren zaldiak, pottokak, ardiak eta behiak ere. Armañongo Parke Naturala Karrantza eta Turtzioz artean hedatzen da. Segidan, BI-630 errepiderainoko jaitsiera hasiko dugu, 12 kilometro ingurukoa. Behin Ambasaguas auzoan (Karrantza), atseden hartuko dugu gorputza indarberritzeko hurrengo eguneko etapa gogorrari ekin aurretik.
Etapa honek basoan gora egiten du hasiera batean. Ondoren, abeltzaintza-ingurune honetako belardiak zeharkatzen ditu. Lehenengo kota aipagarria Ubal gainaldea da. Pista eta abeltzaintza-bideetatik jarraituz, Cotobasero tontorretik gertu dagoen bigarren kota batera igoko gara, abiapuntutik 15 kilometrora. Igoera basoan barneratzen da, eta sigi-saga doan malda handi bat gainditzen du, Peñalta eta Ordunteko mendien itzalpean.
Jarraian, behera egingo dugu pixkatxo bat soilik; izan ere, ia segidan, Brenako mendatetik igotzen hasiko gara. Atseden hartzeko eta tontor honek eskaintzen dituen Karrantzako haranaren ikuspegi zoragarriez gozatzeko unea izango da.
Ibilbideak behera jarraitzen du, honako tontor hauek osatzen duten mendi-lerrotik: Gospeñata mendatea, Pedranzo mugarriaren tontorra eta Maza Pando mendia. Jaitsiera amaitu ondoren, Kolitza mendiaren magalean egongo gara, paisaia ikusgarriaz gozatzeko leku ezin hobea. Beherantz jarraituko dugu BI-630 errepideko bidegurutzeraino, Traslaviñan, eta bertan atseden hartuko dugu.
Azken etapa, 20 kilometro baino gutxiagokoa, zeharkaldi zoragarri honen hasierarekin elkartuko da berriro; horretarako, Betaioko mendilerroa zeharkatuko dugu, bertoko paisaia liluragarriak bidelagun izanik. Ibilbide zati ederra da, Turtziozko inguruez gozatzeko denbora nahikoarekin etapari amaiera emango diona.
Añadir una valoración