Ibilbidea Karrantzako Ambasaguas auzoan hasten da. Karrantza Bizkaiko bailararik zabalena da, natura bere alderdirik ederrena erakusten duen bazterra. Burgos eta Kantabriaren arteko mugaldean dago, Ordunteko Mendiek babestua hegoaldetik eta Armañongo Parke Naturalak iparraldetik. Ibilbideak Ordunteko mendiak zeharkatzen ditu. 20 kilometroko mendilerro honek 1.000 metrotik gorako hainbat gailur ditu. Ibilbide nekeza da. Beraz, ahalegin handia egin beharko dugu, baina egundoko talaia naturalak bisitatuko ditugu ordainsari gisa. Bidea pixkanaka eta etenik gabe igotzen da basoen artean, abeltzaintza-ingurune honetako belardietara iritsi arte.
Lehenengo kota aipagarria Ubal gaina da. Pista eta abeltzaintza-bideetatik jarraituz, Cotobasero tontorretik gertu dagoen bigarren kota batera igoko gara, abiapuntutik 15 kilometrora. Igoera basoan barneratzen da, eta sigi-saga doan malda handi bat gainditzen du, Peñalta eta Ordunteko mendien itzalpean.
Jarraian, behera egingo dugu pixkatxo bat soilik; izan ere, ia segidan, Brenako mendatetik igotzen hasiko gara. Atseden hartzeko eta tontor honek eskaintzen dituen Karrantzako haranaren ikuspegi zoragarriez gozatzeko unea izango da.
Ibilbideak behera jarraitzen du, honako tontor hauek osatzen duten mendi-lerrotik: Gospeñata mendatea, Pedranzo mugarriaren tontorra eta Maza Pando. Jaitsiera amaitu ondoren, Burgueño mendiko lepoan egongo gara. Hortik, bista bikainak eskaintzen dituzten beste kotetatik aurrera jarraituko dugu (adibidez, Jornillo-Povedal edo La Escrita), BI-630 errepideraino iritsi eta hura hartu arte. 8 kilometroren ostean, helmugara iritsiko gara.
Añadir una valoración